Euskadi bisitetan dabilz egunotan kargu politiko eta sozial ezbardinak dabezan hainbat emakume saharar. EAEko eta Saharako erakundeen arteko lankidetza-ekimen ugarietako bat da, eta 2022ko abenduan egindako jardueran dauka aurrekaria. Izan ere, euskal emakume talde batek (Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria buru) Tindufeko (Aljeria) saharar errefuxiaduen kanpamenduak bisitau ebazan, ahalduntze politikoari buruzko tailer batzuetan parte hartzeko. Tailer horreei esker, bardintasunaren eta ahalduntzearen arloko loturak are gehiago estutu ziran.
Nabarmentzekoa da Saharako erakundeek emakumeen ordezkaritzeari jagokonean ehuneko onenetako batzuk dabezala gaur egun: sahararren legebiltzarreko %42 andrak dira, eta wilaietako (kanpamenduetako herriak) gobernadoreetatik, 5etik 3 dira emakume.
Hiru eguneko prestakuntza amaitu ondoren, atzo Bilbo bisitatu eben eta bertan harrera egin eutsen udaletxean. Era berean topaketa batzuk egingo dauz Sahararen aldeko elkartasun-mugimenduko alkarteagaz. Goizeko Izarretan Euskal Fondoa alkarteko Itsaso Andueza eta Mendabaldeko Saharako Osasun Ministeritzako genero taldeko kidea Mella euki doguz.