Jon Arretxe idazle basauriarra pozarren azaldu da “Tourë Detektibea” telesailaren estreinaldia dala eta. Bilboko BBK Salan izango da gaur iluntzean aurre-estreinaldia eta bihartik aurrera Primeran plataforman ikusi ahal izango da euskeraz. Geroago, TVEn eskeiniko da gaztelaniaz. Jon Arretxeren eleberrietan agertzen dan Toure pertsonaian oinarritutako telesaila sortu dabe. Oskar Esteban izan da zuzendaria. Gidoia barriz, David Perez Sañudok idatzi dau, Arretxe bera aholkulari izanda. Malcom Treviño-Sitté aktorea izango da Toure telesailean. Beragaz batera, Itziar Ituño, Unax Ugalde, Loreto Mauleon, Urko Olazabal, Itsaso Arana, Ane Gabarain edo Lander Otaola aktoreak ikusiko doguz.
Idazlea gustora emaitzagaz
Jon Arretxek esan deusku eleberria idazten hasi zanetik pentsau ebala, egunen baten pantailara eroango zala istorioa. Pozik azaldu da. Lehenengo lau atalak ikusi dauz , errodaian be parte hartu dau eta pantaila aurrean be agertzen da idazle basauriarra. Loreto Mauleon aktoreak istorioari emon deutso garrantzia. Kontuan hartu behar da baltza dan aktore bat protagonista dauan lehen telesaila izango dala honakoa. Arretxeren lana, ezezaguna zan berarentzat. Istorio berezi eta garrantzitsua dala azpimarratu dau. Touré, ezohiko detektibea dala esan geinke, azkarra eta umoretsua era berean. Danetariko misterioak argitu beharko dauz. Malcom Treviño-Sitté, ezin hobeto ikusi dau Arretxek.
Sei atal momentuz
“Touré Detektibea” telesailaren sei atal eskeiniko dira bihartik aurrera Primeran plataforman. Arretxek pertsonai honen hamar liburu argitaratu dauz eta idazten jarraitzen dau. Idazleak ziurtzat jo dau telesailak jarraipena izango dauala.