Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek irabazi dabe Gernikako neguko zesta torneoaren final gogoangarria

Barandikak eta Lekerikak azkenera arte borrokatu eben baina tanto bakar bategaitik geratu ziran txapel barik

Txapel bi baina lau txapeldun

Finala jokatu daben lau pilotariak sari banaketaren ostean. / Markel Suarez. Eraman Jai Alai

Final baten irabazle bakarra badago be, Gernikako Neguko Torneoaren finala jokatu eben bikote biek merezidu eben txapela janztea. Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopez nagusi izan ziran lehenengo jokoan. Bigarrengoan, baina, Xabi Barandikak eta Unai Lekerikabeaskoak euren mailarik onena emon eta finala bardintzea lortu eben. Hirugarren jokoan erabagi zan finala. Beaskoetxea eta Lopez aurreratu ziran markagailuan baina Barandikak eta Lekerikak ez eben amore emon eta launa bardintzea lortu eben. Neguan zehar jokatutako torneo luzea eta lehiatua tanto bakar baten erabagi zan eta beteranoentzat izan ziran txapelak. Final gogoangarria ezelango zalantza barik.

Diego Beaskoetxeak ez dau sekula ahaztuko domekan Gernika Jai Alai frontoian jokatu eta irabazi eban partidua. Izan be, aurrelari gernikarraren azken partidua izan da profesional mailan, hamasei urtegaz estraineko partidua jokatu ebanetik. Hogeta bost urte eta gero, agur esateko ordua heldu jako Diegori. Esan beharrik ez dago, amestutako agurra izan dala euki dauena: txapeldun torneo ospetsu baten, bere jaioterrian eta bere senide eta lagunen aurrean. Imanol Lopez be hunkituta azaldu zan txapela jantzi ostean.

Zestea izan zan irabazle nagusia domekako finalean. Gernikako Jai Alai frontoia goraino bete zan Beaskoetxea-Lopez eta Barandika-Lekerikabeaskoa bikoteen arteko partidua ikusteko. Ganera, lau pelotariek eskeini eben ikuskizuna goi mailakoa izan zan. Hauxe da jarraitu beharreko bidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular