Altuna-Tolosa eta Elordi-Zabaleta bikoteek partidu erabakigarria jokatuko dabe domekan Bizkaia pelotalekuan

Eskuz binakako txapelketaren lehen faseko bikote onenak izan badira be, bietariko bat kanporatuta geratuko da domekan

Txartel bakarra finalerako

Lau pelotariak pozik agertu dira Martin Alustizak otzaran eskeini eutsiezan pelotakaz / Bizkaia Irratia

Hiru partidu baino ez dira falta eskuz binakako txapelketa nagusia amaitzeko. Lasok eta Imazek Peña II eta Marizkurrenaren aurka jokatuko daben norgehiagokak ez dau eraginik izango txapelketan. Izan be, Laso eta Imaz sailkatuta dagoz finalerako eta Peña eta Mariezkurrena kanporatuta dagoz final aurrekoetako ligatxoko lehen partidu biak galdu ostean. Domekan Bizkaia pelotalekuan jokatuko dan partidua erabakigarria da bikote bientzako. Irabazten dauenak finalerako sailkapena lortuko dau eta galtzailea, ostera kanporatuta geratuko da. Lau hilabeteko lan luzea partidu bakar baten erabagiko da.

Elordi-Zabaleta eta Altuna-Tolosa binakako txapelketa nagusiko bikote erregularrenak izan dira. Bietariko batek, baina, ez dau finala jokatzeko aukerarik izango. Urtarrilaren 15ean jokatu eben alkarren aurka Bizkaia frontoian eta orduan, garaipena Altuna eta Tolosarentzat izan zan 22-21eko emaitzeagaz. Hile bi igaro dira ordutik eta lau lehiakideek partidu gogorra eta luzea iragarten dabe datorren domekarako.

Ez da erreza esatea zein dan bikote faboritoa. Elordik eta Zabaletak nagusitasun handia erakutsi eben txapelketearen lehen fasean. Aurreko asteburuan, ostera, galdu egin eben Laso eta Imazen aurka. Altunak eta Tolosak be galdu egin eben Baiko Pilota enpresako bikotearen aurka baina azken jardunaldian garaipena eskuratu eben Peña eta Mariezkurrenaren aurka. Garbi dago, orain artekoak ez dauelako ezertarako balio eta arestian esan lez, lau hilabeteko lana ordu-ordu ta erdian erabagiko da. Partidu ederra ikusiko dogu ezelango zalantza barik.

Bizkaia Irratian egunero sarrera bi oparituko doguz domekako jaialdirako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular