Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek barikuan sinatuko dabe gerreari amaierea emoteko akordioa, antza danez. Domekan adostu ei eben eta orain sinatzea baino ez ei da falta. Dana dala, Israelek ez dauka Libanon burrukaldiak amaitzeko asmorik eta horrek baldintzatu leike gerra amaiera hau. Honetaz argibideak eskatu deutsaguz Txente Rekondo nazinoarteko adituari gaur.
Rekondo baikorra da, baina eszeptikoa: “Emoten dau diplomaziaren bitartez aurrerapausoak emon dirala, baina Israelen papera oindino ez dago guztiz argi”. Adituak esan deusku Ameriketako Estatu Batuei eta Irani komeni jakela akordioa berrestea: “Alde biei komeni jake bake akordioa berrestea. Batetik, Irango ekonomia kili-kolo dabil. Bestetik, Ameriketako Estatu Batuetan inflazinoak gora egin dau eta hauteskundeak dagoz urte amaieran“. Dana dala, Israelek Libanoren kontrako erasoak egiten jarraitu gura dau. Orain arte Trump eta Netanyahu eskutik helduta ibili dira, baina emoten dau gai honetan ez dabela adostasunik: “Nork egiten deutso presinoa nori? Ameriketako Estatu Batuek Israeli? Israelek Ameriketako Estatu Batuei? Betiko zalantza da. Dana dala, uste dot Trump ez dala inogaz ezkontzen eta Netanyahu konziente dala”.
Bitartean, G7aren biltzarra hasita dago Evian-en. Halanda be, Rekondok ez dau uste holako biltzarrek askotarako emoten dabenik: “G7ko goi-bilerek ez dabe askotarako emoten. Oraingo G7an badirudi Macronen protagonismoa azpimarratzen dabilzala Trumpekiko, baina aldi berean Frantzia eta Alemaniaren arteko afera dago hegazkin militarraren inguruan Europan”.
