Udako Euskal Unibertsidadeak Iruñean aurkeztu dauz 2024. urteko Udako Ikastaroak. Bagilaren 6tik garagarrilaren 10era bitartekoak izango dira 52. ikastaroak. Iruñean bertan, Eibarren, Baionan, Usurbilen, Bilbon, Donostian eta Tolosan egingo dira aurten Udako Ikastaroak. Gogoratu dabenez, arnasgune akademiko eta euskaldunen topagunea bihurtu dira ikastarook. UEU.eus atarian emon daiteke izena.
Hasiera ekitaldia Iruñean
Azken bi urteetako hariari jarraituz, 20 jardunaldi eta topaketa baino gehiago antolatu dabez hainbat eragilegaz alkarlanean; Kontseilua, JAKIN, Kultura Elkartea, Iratzar Fundazioa, Udalbiltza…Bagilaren 6an Iruñean izango da hasiera ekitaldia Kondestable jauregian. “Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoerak eta aukerak” gaia izango da bertan nagusi. UEUk ikuspegi zabaletik planteatzen dau gai hau. Jakinarazo dabenez, helburua bikoitza da: bizi dogun esparru juridikoaren irakurketa akademikoa konpartitzea batetik eta haren arazoak eta zalantzak plazaratzea. Horregaz batera, ikuspegi anitzekoa eta nolabait prospektiboa dan gogoeta bultzatu nahi dabela esan dabe, ertz desbardinetatik helduta, eta euskararen egoera eta etorkizunari buruzko gogoetarako klabeak emonda.