Helena Azkarragaurizar ilustratzaileagaz batera Peru Abarka Album lehiaketea irabazi dau Larreategik

"Puta Gorda" eleberria argitaratu dau Ereinek

Yolanda Larreategi: “Lodifobia belaunaldiz belaunaldi eteten ez dan kontua da”

Yoalda Larreategi eta Helena Azkarragaurizar / Erein argitaletxea

Lodifobia ardatz dauan “Puta Gorda” liburua aurkeztu da, Peru Abarka Album lehiaketea irabazitakoa. Yolanda Larreategik idatzi dau eta Helena Azkarragaurizar da ilustratzailea. Markina-Xemeineko udalak antolatzen dauan Peru Abarka Album lehiaketea birritan irabazi dau aurretik Larreategik. Idazle markinarrak, lehenengo lehiaketea irabazi eban 2006. urtean, “Zaharrak berri, euriak” lanagaz eta 2020. urtean bigarrena “Bi txantxangorri haritz adarrean” lanagaz. “Puta Gorda” izenekoagaz irabazi dau hirugarrena. Lodifobia aztertu dau lan honetan. Belaunaldiz belaunaldi eteten ez dan kontua dala esan deusku.

Izenburua hasieratik argi

Liburuaren izenburua, lehenengo momentutik izan dau argi Larreategik. Liburua euskeraz idatzita dagoan arren, gaztelaniazko esaerea edo iraina mantendu dau argiago erakusteko gaiaren gordintasuna. Feminizatuta era berean, baina ahaztu barik, gizon lodiek be sufritzen dabela lodifobia. Eleberriaren protagonistea, autolesionatzen dan nerabe bat da, ikusezina izan gurean. Ingurukoak ez dira horretaz konturatzen, gurasoak bez. Bere egun bat zelangoa dan kontetan dau Larreategik.

Ilustrazinoak

Peru Abarka Album lehiaketako epaimahaia Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxea udal zinegotziak, Malen Amenabar Larrañaga ilustratzaileak eta Asier Beltza Ereineko kideak osotu dabe. Honeen esanetan, pil-pilean dagoan gaia jorratzen da lan honetan, lodifobia eta bullyng-arena, baina estereotipoetan jauzi barik. Ilustrazinoetaz, Malen Amenabarrek aipatu dau, organikoak direla. Idazlea eta ilustratzailea ez ziran alkar ezagutzen. Helena Azkarragaurizar arrasatearrak esan deuskunez ez da erraza izan Larreategik idatzitakoaren ganeko ilustrazinoak sortzea. Egunerokotasuna erakutsi nahi izan dauala azaldu deusku. Idazlea eta ilustratzailea oso pozik azaldu dira emaitzagaz. Erein argitaletxeak argitaratu dau “Puta Gorda” eleberria. Egile biak Durangoko Azokan be izango dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular