Athleticeko jokalariaren kontratua ekainean amaitzen da eta Bilbon segiduteko asmoa azaldu dau

Lezaman hazitako jokalari gazteen ekarpen positiboa nabarmendu dau atzelari zarauztarrak

Yuri: “Garaipena behar dogu Mallorcaren aurka”

Yuri Berchiche oso gustura dabil jokatzen lesinoek eta gaixotasunek eragindako une gogorrak gainditu ostean / ATHLETIC CLUB

Yuri Berchiche Lezamako prentsa aretoan agertu da gaur, aspaldiko partez. Athleticeko atzelaria gustora ari da jokatzen, lesinoek eta gaixoaldiek eragindako une latzak gainditu ostean. Sei urte daroaz klub zuri-gorrian eta datorren ekainean kontratua amaitzen bajako be, argi eta garbi esan dau gustora dagoala Athleticen eta berton segidu gura dauela. “Ez dot uste arazorik egongo danik kontratua luzatzeko” esan dau gaur goizean Lezaman.

Taldearen egoereari dagokionez, garrantzi handia emon deutso Mallorcaren aurkako partiduari. Izan be, zuri-gorriek ez dabe garaipenik lortu ligako azken jardunaldi bietan. Galdu egin eben Mestallan -puntu bat eskuratzeko meritoak egin arren- eta bardindu egin eben Cadizen aurka Nuevo Mirandillan, aspaldiko partidurik makalena eginda. Ez da ahaztu behar partidu bi horreen arteko egunetan zuri-gorriek Bartzelona kanporatu ebela Kopa txapelketan partidu gogoangarria jokatuta. Kopako kontuak alde batera itxi -datorren eguaztenean Wanda Metropolitanon jokatuko dabe finalaurrekoetako joaneko partidua- eta zuri-gorriek garaipenaren bidera itzuli gura dabe Javier Agirrek zuzentzen dauen Mallorcaren aurka. Ez da aurkari erosoa izango. Aurreko denporaldian, Valverderen taldeak ezin izan eban garaipenik eskuratu Mallorcaren aurka jokatu ebazan partidu bietan.

Yuri Athleticen plantilako jokalari beteranoetakoa da. Zarauztarrak nabarmendu egin dau Lezaman hazitako jokalari gazteen ekarpen positiboa. Berchichek adierazo dau, Unai Gomez Etxebarria gaztearen lana erabakigarria izan zala Bartzelona kanporatzeko Kopa txapelketako partiduan. “Berak aldatu eban partiduaren norabidea” esan dau Yuri Berchichek.

Beste alde batetik, Unai Gomezek, Iñigo Lekuek eta Adu Aresek ez dabe parte hartu zuri-gorriek Lezaman egin daben entrenamendu saioan. Bermiotarrak orkatila trokatu eban Cadizen, Lekuek haustura txiki bat dauka izterraren atzeko aldean eta Adu Aresek kolpe gogorra jaso eban belaunean ligako azken partiduan. Berenguer be ez da Valverderen aginduetara aritu. Txanponaren beste aldean, Iñigo Ruiz de Galarreta taldekideekaz batera aritu da azken partidu bietako deialdietatik kanpo geratu ostean. Aingeru Olabarrieta, Bilbao Athleticeko hegaleko ezkertia, lehen taldearen entrenamenduan egon da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular