Aurrez izena emoteko epea maiatzaren 8an amaituko da

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak Euskadin 10 auzolandegi antolatu dauz

Auzolandegiak 2023 programan izena emoteko epea zabalik

Auzolandegiak 2023 programea martxan dago. Gazte boluntariotzako udako programan izena emoteko epea zabalik da. Jatorri desbardinetako gazteek hamabost egunez gizarte proiekzinoko lanak egingo dabez.

Aurten hamar auzolandegi antolatu dira Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Miren Saratxaga Gazteriako zuzendariak azaldu dauanez, hiru mota egongo dira, edadearen arabera: bost auzolandegi adin nagusientzat (18 eta 26 urte bitartekoak, dibersidade funtzionala daukien personak izan ezik, horreek 30 urte bete parte parte hartu ahal izango dabe); lau auzolandegi adin txikikoentzat (14 eta 17 urte bitartekoak); eta 16 eta 21 urte bitarteko gazteek parte hartuko daben auzolandegi bi. Danetara 230 plaza eskainiko dira.

Adin txikikoentzako auzolandegiak Alonsotegin, Muxikan, Trapagaranen eta Arraia-Maeztun egingo dira. Nobedade lez, garagarrilaren 2tik 16ra Muxikan egingo dan adin txikikoen auzolandegia euskaraz baino ez da izango, eta Euskadiko eta Nafarroako gazteek parte hartuko dabe.

16 eta 21 urte bitarteko gazteek auzolandegi bitan parte hartuko dabe, Bilbon eta Erandion.

Gainerako auzolandegiak adin nagusikoentzat izango dira: Derion, Lekeition, Lemoan, Muxikan eta Bergaran. Muxikako auzolandegia nazinoartekoa izango da, eta bertan EAEko eta beste herrialde batzuetako gazteek parte hartuko dabe. Erreferentziazko hizkuntza ingelesa izango da.

Euskadiko plazez gain, beste autonomia-erkidego batzuetan eta herrialdeetan be eskainiko dira plazak. 18 urtetik gorako gazteek parte hartu ahal izango dabe horreetan.

Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan egingo diran hamar auzolandegietako bakotxak gai espezifikoa izango dau: arkeologia eta industria ondarea leheneratzea, ondare historikoa eta ingurumena lehenaratzea, edadekoen gizarte dinamizazinoa edota memoria historikoa, besteak beste. Gazteek aste biko egotaldiak egingo dabez.

Izen emotea

Auzolandegietan izena emoteko epea maiatzaren 8ra arte egongo da zabalik, eta ondoren, maiatzaren 10ean helmugak aukeratzeko zozketea egingo da. Izena emoteko txandak maiatzaren 11n argitaratuko dira eta lekuetarako izen-emote/hautaketea maiatzaren 15etik aurrera egingo da.

Auzolandegiak 2023 programari buruzko informazino guztia webgune honetan eskuratu daiteke: www.gazteaukera.euskadi.eus.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular