Santurtzik eregi dau Mirabueno parkearen markesina barria

Udalak 170.000 euroko inbertsinoa egin dau Mirabueno parkean
Mirabueno parkeko markesina barria / Santurtziko Udala

Santurtziko Udalak Mirabueno parkeko markesina barria jarteko lanak amaitu dauz, eta horrez gain, ingurua be hobetu dau, 170.000 euroko inbertsinoa eginez.

Horren harira, Miguel Alvarez Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak prentsaurrean adierazo lez “ekintza hori herritarrek erabili ohi daben espazio bat hobetzeko asmoz egin da; horrela, gune horretan markesina barria jarri da, aurrekoa higatuta baitzegoen denporea dela-eta. Gainera, parkean hiri-altzari barriak eta gimnasia egiteko tresnak be jarri dira zahartze aktiboa sustatzeko. Eta inguru hartako zoladura be konpondu egin da”.

Horreek horrela, lanen bidez kupula formako antxinako egiturea aldatu eta ingurua bermoldatu egin da 32 x 6,75 metroko metalezko arkupeak jarriz. Egiturak, guztira, 248 m2-ko azalerea dauka eta polikarbonatozko estalki baten azpian dago. Horrez gain, eta esku-hartze horren osagarri, “inguru horretako argiztapena hobetu da argi efiziente barriak jarriz. Horrela eraginkortasun energetikoaren alde jardun dogu” gaineratu dau zinegotziak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular