Bizkaia Irratia

Alauda Ruiz de Azua barakaldarrak ‘Querer’ bere lehen telesaila filmatuko dau

'Cinco lobitos' filmaren zuzendaritzagatik Goya saria irabazi eban, eta bere lehen telesaila zuzenduko dau.
Alada Ruiz de Azua / Movistar Plus

Alauda Ruiz de Azua zinemagile barakaldarrak, ‘Cinco lobitos’ filmen zuzendaritzagaitik Goya saria irabazi ebanak, bere lehen telesaila zuzenduko dau, ‘Querer’, Movistar Plus+ taldearentzat ekoitzia, Kowalski Films eta Feelgood Mediarekin alkarlanean, plataformak jakinarazi dauenez.

Filmaketa urrian hasiko da Bizkaiko hainbat tokitan eta 2024an iritsiko da plataformara. Alauda Ruiz de Azuak berak sinatuko dauz, Eduard Sola eta Júlia de Paz idazleekin batera, sail hau osatuko daben ataletako gidoiak.

‘Querer’ sinopsiaren arabera, ezkonduta 30 urte eta bi seme-alaba izan ondoren, Miren senar-emazteen etxetik atera da eta senarra salatu dau bortxaketa jarraituagaitik. Salaketa larri horrek seme-alabak beharten dauz beren amari sinistea edo beren errubakotasuna defenditzen dauen aita bat babestea aukeratzera. Familia-bidaia bat, judizialagaz paraleloan egiten dauena, helburu bereagaz: egia ezagutzea.

Alauda Ruiz de Azuak berak azaldu dauenez, familia bere “uniberso naturala” dala sentitzen dau. “Eta sail honetako gatazka hazi egiten da eta sakontasuna harten dau familia baten intimitatean egitean, norberak beste alde batera begiratu ezin dauen leku horretan. Familiak gupidarik barik besarkatzen dauz gatazkak, eta hau ez da salbuespena. Bidaia emozionala da, tentsinoz eta sekretuz betea, eta galdera deserosoak sortea espero dot “, adierazo dau.

“Nire lehen telesaila da gidoilari eta zuzendari gisa. Sentsazino onak dauzkat, besteak beste, Júlia de Paz eta Eduard Sola lankideekin egin dodan ikerketa, dokumentazino eta idazketa lan ederragaitik “, ganeratu dau Barakaldoko zuzendariak.

Alauda Ruiz de Azuak (Barakaldo, 1978) irabazi eban Zuzendaritza Barri Onenaren Goya Saria, ‘Cinco Lobitos’ filmegaitik. Era berean, bere opera primeagaz Gidoi Onenaren Feroz saria, Zinema eta Balioetan Hezteko Forque saria, Europako Film Onenaren Gaudi Saria edo Zuzendaritza Barri Onenaren CEC Domina lortu ebazan, besteak beste.

Filmak Berlin, Seattle, Karlovy Vary eta Malagako zinemaldietan parte hartu eban (Film Onenaren Urrezko Biznaga, Gidoi Onenaren Saria, Emakumezko Aktore Onenaren Saria eta Publikoaren Saria irabazi ebazan), eta Oscar Sarietan Espainia ordezkateko hautagaia izan zan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular