Zapatu honetan, irailak 16, F Liga hasiko da. 2024 denporaldia Lezaman estreineterik izan ez ondoren, Granadaren aurkako lehen jardunaldian grebarengatik jokatu ez zalako, orain talde zuri-gorriak egutegiko bigarren hitzorduari ekingo deutso Madrilen, aurton be asmo handiak daukazan arerio baten aurka. David Aznarrek, Athleticeko entrenatzailea, bere lehen partidu ofiziala biziko dau Atletico de Madrilen kontra. Talde honek sailkapeneko goiko aldean egon nahi dau eta Txapeldunen Ligarako sailkatu.
Joan dan denporaldian laugarren amaitu eta Erreginaren Kopa irabazi eban talde koltxoneroak Manolo Canogaz, beste denporaldi batez aulkian egongo dala. Fitxaketen atalean Gaby Garcia, Ana Crnogorcevic edo Sheila Guijarro nabarmentzen dira, baina Manchester Unitedera joan dan Irene Guerreroren, Barbara Latorreren, Maitane Lopezen edo Virginia Torrecillaren bajak izan dauz. Madrildarrak proba gogorra izango dira ligaren hasierarako, datorren astean geldialdia egon aurretik.
Athleticen partetik, nobedade asko dagoz taldean: Nahikari Garcia, Marta Sanadri, Adriana, Maddi, Garazi Facila eta Patri Zugasti. Bestalde, Amaia Peña eta Eider Arana Eibarrek eukiko dauz lagata, eta Monente, Valdezate eta Oihane Hernandezek taldea doanik utzi dabe, Nekanek erretiroa hartuta gainera.
Pasadan denporaldian, Athleticek porrot gogorra jasan eban bigarren itzulian, Wanda Metropolitanon galdu baieban luzapenean eta Maite Zubieta 65. minutuan kanporatua izan ostean. Lezaman, Atletico nagusi izan zan erregulartasunaren txapelketako lehen jardunaldietan.
Aldagela zuri-gorria ilusinoz ganezka dago lehen probaren aurretik, lesinoak gorabehera. Zapatua egun berezia izan daiteke Athleticeko armarria lehen aldiz defendituko daben futbolari batzuentzat. Etxetik urrun egingo dabe, baina denporaldiko lehen garaipena lortzeko asmo sendoagaz. Zalantzarik barik, David Aznarren taldearen denporaldiaurre bikainari berrespenik onena izango litzateke.