Astegoien ezin oparoagoa borobildu eban atzo Hondarribian Olatz Arrizabalagak. Logroñon San Mateotako txapela jantzi eta 24 ordutara Udako Master LABORAL KUTXA be poltsikoratu eban. Leire Galeano on batek lagunduta, Amaia Aldai eta Uxue Osesi 22-12 irabazi eutsen. Giro ederrean eta harmailetan 500 lagun zirala emon jakon amaierea Hondarribian horren emonkorra izan dan sasoi honi.
Azken asteetan pilotutako nekeak eragina izan dabe Jostaldiko jaialdian. Emakumeen esku pelotak sekulako garapena izan dau Emakume Master Cup zirkuitua martxan jarri zanetik. Lehen horren urriak ziran plazak asko biderkatu dira eta, etenbako hobekuntza horretan, erronka orain eskaerea horreei guztiei behar bezala erantzutea da.
Olatz Arrizabalaga atzokoan be bera izan da partiduko protagonista nagusia. Egia da aukeran tantu gehitxo galdu ebazala, baina gernikarrak egin eban tanturik gehien eta berak hautsi eban partidua, behetik gora egin eban Leire Galeanok lagunduta. Bi atzelari oso gazterekin, urduritasuna nabaria izan zan lehen minutuetan eta bi aldeetan hutsune gehitxo izan ziran. Partidu hasiera ez zan distiratsua izan, baina gitxienez emozinoa handia izan zan. Sei bardinketa emon ziran, azkena bederatzina. Hortxe hautsi eben finala urdinek 9-0eko partzial bategaz.
Logroñoko finalerdia jokatzeari uko egin eutson Amaia Aldaik eskumako eskua behar bezala ez eukalako eta atzo ondo egoteko, baina partiduak aurrera egin ahala mina agertu jakon eta ez eban bere maila emoterik izan. Pelotari oldarkorra da Dimakoa, baina atzokoan bildurrez aritu zan, erasora pasa ezinik eta ezin izan eutsan bere atzelariari behar bezalako segurtasunik eskeini. Urdinetan barriz, hasierako bi hutsak gaindituta, Leire Galeanok oso partidu serioa egin eban eta egindako uda zoragarriaren saria jaso eban Antzuolako ezker atzelariak.
Hirugarren posturako lehian, Etxegarai-Gaminde Garai-Capellanen gainetik pasa dira (18-3). Kasu honetan, bezperan Logroñon erorita, Andrea Capellanek eskuma eskuturrean min hartuta jokatu eban eta berehala nabaritu jakon ez egoala partiduak eskatzen eban mailan jokatzeko moduan eta erraztasun handiak emon ebezan errioxarrak eta gasteiztarrak.