Lointek Gernika Bizkaiak Europako multzoko azken partidua galdu dau (70-69)

Lucas Fernandezen neskek Sosnowiec Zaglebie taldearen zelaian errotazino faltea igerri dabe
Sofia Da Silva Sosnowiec Zaglebie taldearen kontrako partiduan / Lointek Gernika Bizkaia

Lointek Gernika Bizkaiak 70-69 galdu dau Sosnowiec Zaglebieren kontra Eurocup Women txapelketako multzoen faseko azkenengo jardunaldian. Gernikarrek oso ondo ekin deutse partiduari, baina minutuak aurrera egin ahala errotazino falta nabaritu dabe, batez be, Crystal Bradforden ondoezagaz azkenengo momentuan.

Sosnowiec Zaglebieren partiduari aurre egin ahal izateko, aurpegi ona erakustea garrantzitsua zan. Lointek Gernika Bizkaiak zigurtauta eukan txapelketako hurrengo faserako sailkapena multzoko bigarren sailkatu lez. Talde gernikarrak oso argi eukan irabaztera urten behar zala, eta ahal izan ezkero, ahalik eta abantailik handiena lortzea. Gernikarrak atera behar ziran moduan atera dira, lehenengo errentak lortuz (3-7). Poloniarrek erritmo frenetikoa kutsatu gura izan dabe hasieratik, baina Lointek Gernikak ondo kontrolau dau partidua lehenengo zatian eta hamar puntuko aldea be izan dau(16-26), bigarren laurdena hasi eta berehala. Laia Flores jokoa antolatuten, eta Gabby Nikitinaite sendo erasoan, nabarmendu dira minutu horreetan.

Poloniako taldea, baina, suspertu egin da. Sosnowiecek partidua orekatu dau apurka-apurka, markagailuari bueltea emon arte (48-47, 25. minutuan). Talde poloniarrak 11-0eko partziala be ezarri dau. Hankak ez ziran hasierakoak eta Lointek Gernikari luze egin jako, indarrak alde batera itxi ahala. Baina talde bizkaitarrak beste behin indarra atara dau azkenengo minutura bizirik iristeko, etxeko taldearen opariak aprobetxatuz. Amaierarako 2 segunduren faltan (70-67), Laia Floresek hiru jaurtiketa libre izan dauz partidua bardintzeko eta luzapena behartzeko. Lehenengo biak sartu dauz, hirugarrena huts egin eta nahiz eta Sofia da Silvak errebotea hartu, ez da saskiratzerik izan eta azkenean garaipena Sosnowiec Zaglebi taldearentzat.

Lointek Gernika Bizkaia Eurocup Women txapelketako hurrengo kanporaketako aurkariaren zain geratzen da. Gaur izango da zozketea. Eta datorren domekan (12:00etan) Araski AES kontrako euskal derbia jokatuko da Malosten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular