Athleticek eta Nico Williamsek kontratua hiru denporaldiz luzatzea adostu dabe, 2027ko ekainaren 30era arte. Jokalari internazionala, 21 urte besterik ez daukazan arren, lehoi lez ehun partidu betetzetik gertu dago (96), LaLiga EA Sportsko gol pase zerrendaren liderra da (5) eta Athleticen lehenengo taldearekin egindako 13 goletatik 9 aurreko denporaldian sartu ebazan. “Athletic WIN, Williams, Iñaki eta Nico. IRABAZI” leloagaz aurkeztu dau Bilboko klubak Nicoren kontratu luzatzea, Iñaki anaiaren presentzia azpimarratuz.
Williams anaietako gazteenaren jarraipenaren kulebroia gehiegi luzatzen ebilen denporan, baina protagonistaren beraren, anaiaren eta Mikel Gonzalez futbol zuzendariaren azken adierazpenen arabera, amaierea positiboa oso gertu egoan. “Pozik nago Bilbon, jentea lasai egotea”, esan eban aurrelariak astelehenean Gironan jokatutako partiduaren amaieran. Hasi aurretik, futbol zuzendaria be oso baikor agertu zan: “Jokalari batek geratu nahi dauanean eta klubak geratzea nahi dauanean, normalena da ondo amaitzea da”.
Gauzak horrela, talde zuri-gorriak hiru urteko kontratuarekin barritu dau Europako klub boteretsuenek bereganatu nahi daben futbolaria. Hortaz, Nico Williamsek historia egiten jarraituko dau Athleticen, Iñaki anaiarekin eta gainerako taldekideekin batera. Kimu edadean iritsi zan Lezamara, orain hamarkada bat, eta urrats sendoak emonez joan da, lehen taldean funtsezko zutabe bihurtu arte.
Nikok 20 urterekin jokatu eban igazko Munduko Txapelketea, eta gaur egun etorkizun itzela dauka. Gaur goizean sinatu dau kontratua San Mamesen, Jon Uriarte Athleticeko presidentearen eta Mikel Gonzalez Futboleko zuzendari nagusiaren aurrean. Zuzendaritza Batzordeak ezarritako ildotik, Nico Williamsen loturak soldata-egitura finkoa dauka, helburuen araberako osogai aldakor batekin.
Akordio honekin, Athleticek momentu honetako eta etorkizuneko proiektuaren liderrak barritu dauz, pasa dan urtean Oihan Sanceteri kontratua 2023.urtera arte luzatu ostean.