Heldu da eguna

Berrogei urteko siketa luzeari amaierea emoteko aukerea dauka gaur Athleticek Kopako finalean Mallorcaren aurka Sevillan

Otsailaren amaierako egun baten lortu eban Athleticek Errege Kopa txapelketako finalerako sailkapena, finalaurrekoetan Atletico de Madrid kanporatuta. Esan beharrik ez dago kopa txapelketea irabazteko aukerea izateak ilusino itzela sortu dauela Athletic zaleen artean. Ba heldu da eguna. Athleticek berrogei urteko siketeari amaierea emoteko aukerea dauka gaur gaueko hamarretatik aurrera Mallorcaren aurka. Badakigu ez dala erreza izango baina kopako final bat irabaztea ezin da erreza izan. Ernesto Valverde eta bere jokalariak ez dagoz bakarrik Sevillan. Izan be, milaka eta milaka zale dagoz Andaluziako uri nagusian eta milaka egongo dira gauean La Cartuja estadioan.

Athleticeko entrenatzaileak plantilako jokalari guztiak eroan ditu Sevillara. Mikel Jauregizar eta Jon Egiluz gaur heldu dira atzo Bilbao Athleticegaz jokatu eta irabazi ostean. Yeray Alvarez, Santiago Bernabeun lesionatu egin zan jokalaria be deialdian badago be, ez dau emoten hasieratik jokatuko dauenik. Ez da barritasun handirik itxaroten Valverderek zelairatuko dauen hamaikakoan. Julen Agirrezabala egongo da atean, Oscar de Marcos eskoiko hegalean, Paredes eta Vivian izango dira zentralak eta Yuri Berchiche ala Iñigo Lekue ezker hegalean. Beñat Prados eta Iñigo Ruiz de Galarretak jokatuko dabe zelai erdian, Williams anaiek eta Oihan Sancetek osatuko dabe hiruko lerroa aurrelariaren atzetik eta, azkenik, Gorka Guruzeta izango da jokalaririk aurreratuena.

Javier Agirrek be bere betiko hamaikakoa zelairatuko dau. Entrenatzaile mexikarrak bost atzelari ipiniko ditu zelaian eta Athletici emongo deutso baloia. Valverdek ondo baino hobeto daki zein izango dan aurkariaren jokabidea gaur La Cartujan. Hogetabost puntuko aldea dago talde bien artean liga txapelketako sailkapenean eta ikara barik esan geinke Bilboko taldea dala faborito nagusia kopea irabazteko gaur. Halanda be Kopa txapelketan garbi geratu da aurretikoek ez dabela ezertarako balio eta edozeinek irabazi leikela. Itxaron daigun Athletic izatea. Sekulako giro zuri-gorria dago Sevillan eta pastelari gindea ipintea besterik ez da falta. AUPA ATHLETIC!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular