Athleticek puntu bat erreskatau dau luzapenean Osasunaren aurka (2-2)

Markagailuan 0-2 atzetik joan eta gero, Athleticek bardinketa lortu dau Iñaki Williamsen eta Asier Villalibren golei esker
Asier Villalibre baloia babesten / Athletic Club

Athleticek puntu mingotsa eskuratu dau Osasunaren kontrako derbian San Mamesen. Athleticek, partidua hasi aurretik faborito argia izan arren, ontzat emon ahal dau bardinketa. Izan be, zuri-gorriek bardinketaren gola luzapenean sartu dabe, markagailuan 0-2 atzetik joan eta gero. Osasunak eukitako aukera eskasak ondo aprobetxau ditu eta Raul Garcia de Harok eta Ruben Garciak gorritxoen golak sartu ditue. Iñaki Williamsek Athleticen lehenengo gola sartu eta Asier Villalibrek partidua bardindu dau.

Hasierako hamaikakoari jagokonez, Ernesto Valverdek Iker Muniain zelairatu dau nobedade nagusi lez. Norgehiagoka hasi aurretik, talde biek omenaldi polita egin deutsie Raul Garcia Escuderori. Edozelan be, partidua hasi bezain pronto adiskidetasuna apartau eta burruka hasi da. Partiduko lehenengo minutuetan, aukera garbi bat euki dau talde bakotxak. Berenguerrek atzekaldera emondako pase txar bat eta gero, Ruben Garciak Unai Simonen atera heltzeko aukera ona euki dau, baina Iñigo Lekuek oso ondo moztu dau jokaldia. Bestetik, Athleticeko aukerarik onena Alex Berenguerrek eukitakoa izan da, Nico Williamsen erdiraketa kanpora errematau eta gero. Dana dala, partidua 38. minutuan aldatu da goitik behera. Izan be, Iker Muniainek sartutako gola bertan behera gelditu da aurretik egondako jokoz kanpo batengaitik eta hurrengo jokaldian Raul Garcia de Harok Osasunaren gola sartu dau.

Atsedenaldian Ernesto Valverdek Alex Berenguer kendu eta Asier Villalibre zelairatu dau. Bigarren zatia hasi eta hiru minutura, Ruben Garciak Osasunaren bigarren gola sartu dau, Ander Herrerak defentsa lanetan akats bat egin eta gero. Athleticen golak be Osasunak egindako akats batzuen ondoren heldu dira. 58. minutuan, Iñaki Williamsek sekulako gola sartu dau, Mojicak bere areatik hurbil baloia galdu eta gero. Oindino ordu erdi aurretik egoan, baina Athleticek ez ditu gol aukera askorik sortu, aldaketa hirukotxa egin arren. Dana dala, eta Sergio Herrerak huts egin eta gero, Asier Villalibrek bardinketaren gola sartu dau luzapenean.

Lortutako puntua guztiz eskasa da Txapeldunen Liga jokatzeko lehian jarraitzeko. Beraz, eta matematikoki aukerak badagoz be, Athletic Txapeldunen Liga jokatzeko postuetatik kanpo gelditu da birtualki. Atleticok Celtaren kontrako partiduan garaipena lortzekotan, zortzi puntura handituko dau talde bizkaitarrarekiko daukan abantaila. Osasunaren kontrako derbia eta gero, hiru partidu besterik ez dira falta liga bukatzeko. Athleticek Vigon jokatuko dau eguaztenean Celtaren kontra eta Sevilla jasoko dau domekan San Mamesen. Bukatzeko, Vallekasen izango da Athletic Rayoren kontra azkenengo jardunaldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular