Ikertzaileek laborategietan sekulako lana egiten dabe gaixotasun larriei aurre egiteko bide barriak topetan. Bide barri bat aurkitzen danean, ikertzaileek ehundaka proba desbardin egiten dabez. Proben bitartez fidagarritasun handi bat lortzen danean, orduan entsegu klinikoen sasoia heltzen da. Entsegu kliniko bat produktu, substantzia edo medikamendu baten ebaluazino esperimentala da. Diagnostikorako teknika baten edo teknika terapeutiko baten ebaluazino esperimentala izan leike. “Esperimentu bat da, oso arrisku txikiarekin eta fidagarritasun handiarekin egiten dana” zehaztu deusku Arkaitz Carracedok (CIC Biogune). Carracedok urteak daroaz prostatako minbizia ikertzen. “Azken sasoian androgenoen ekoizpena murrizteko farmakoak sortu dira eta horrela orain dala 15 urte sendatzen ez ziran gaixo batzuk sendatzea lortu da” gaineratu dau ikertzaile bizkaitarrak.
“Entsegu baten frogatzen dan lehenengo gauza toxizidadea da. Entsegu klinikoaren eragina positiboa, handia, txikia edo zero izan daiteke, baina ez negatiboa” esan dau CIC Bioguneko ikertzaileak. CIC Biogune ikerketa zentroko bere laborategian Arkaitz Carracedok 25 lankide daukaz eta jaso barri dauen Ramiro Carregal saria eurena be badala esan deusku Carracedok.