Ondarroa bigarren izan zan Bizkaiko Traineru Txapelketan

Emakumezkoen Antiguako Amaren entrenatzaileagaz egin dogu berba Euskadiko Traineru Txapelketaren aurretik

Eneko Azkarate: “Ez gagoz pozik, geure helburua Bizkaiko Traineru Txapelketea irabaztea zan”

Ondarroako emakume arraunlariak / Ondarroa Arraun Alkartea

Ondarroa bigarren izan zan aurreko domekan Lekeition jokatutako Bizkaiko Traineru Txapelketan, emakumezkoen estropadan. Halanda be, Euskadiko Traineru Txapelketarako sailkapena bermatuta egoanez, Antiguako Amako kideak ez dagoz pozik, Eneko Azkarate euren entrenatzaileak esan deuskunez: “Geure helburua Bizkaiko Traineru Txapelketa irabaztea zan”.

Ondarroaren aurretik Kaiku helmugaratu zan. Azkenean, bost segundoko tartea egon zan Bizkaitarraren eta Antiguako Amaren artean, Ondarroak bigarren luzean distantzia laburtu arren. Edozelan be, bigarren postua eskuratu eban, gitxienez, Ondarroak. Izan be, Deustu hirugarren sailkatua izan zan distantzia handi batera.

Domeka honetan Donostiako uretan izango da Ondarroa Euskadiko Traineru Txapelketan. Azkarate entrenatzaileak argi dauka taldearen helburua zein izango dan: “Sailkapenean bizkaitarrik onena izan gura gara“.  Izan be, Azkaratek aitortzen dau kuadrilla indartsuenak Gipuzkoan dagozala.

Denboraldiari jagokonez, aurton be ETE Ligan izango da Ondarroa. Dana dala, taldeak ez dau helburik ezarri oindino. Azkaratek uste dau azkenengo urteetan egondako ligarik “parekatuena” izango dala aurtengoa: “Estropadaz estropada ikusiko dogu sailkapeneko zein zonaldean gagozan”.

Gazteak eta ezegonkorrak

Eneko Azkaratek zuzendutako taldea oso gaztea da. Izan be, arraunlari askok aurton egingo dabe debuta senior taldeagaz. Ondorioz, Azkaratek dino taldeak oso maila desbardina erakusten dauala entrenamendu batetik bestera. Beraz, ezegonkortasunari agur esatea izango da Antiguako Amak denboraldi honetan eukiko dauan beste helburuetako bat.

Beste albiste eta podkastak...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular