"Europak Israeli presino handiagoa eragin behar deutso, Gazakoa onartezina da" salatu dau Izaskun Bilbaok

"Nekazaritza arloan alkarrizketa sakonagoa behar da" esan dau EAJko eurolegebiltzarkideak

Izaskun Bilbao: “Kanpoko produktuei Euskadikoei eskatzen jakezan baldintzak eskatu behar jakez”

Izaskun Bilbao (EAJko eurolegebiltzarkidea) / Bizkaia Irratia

Baserritarrek azken egunetan egin dabezan protesten inguruan galdetu jako gaur Izaskun Bilbaori Goizeko Izarretan irratsaioan. “Nekazaritza arloan alkarrizketa sakonagoa behar da, trantsizinoa eurakaz egin behar dogu” azaldu dau EAJko eurolegebiltzarkidea. Nekazariek eukiten daben prozedura burokratikoa laburtu behar dala gaineratu dau.

Europar Batasunak gaur egun merkataritza libreko itunak daukaz Kanada, Maroko edo Turkiagaz. Aurton Zelanda Barriagaz mota honetako itun bat sinatzeko asmoa dago eta azken akordu horretan esnea edo bildotsen okelea aitatzen dira. Izaskun Bilbaoren berbetan Europar Batasunak egindako merkataritza itunak Europako estandarrak zabalteko izan dira. “Hori bai, kanpoko produktuei Euskadikoei eskatzen jakezan baldintzak eskatu behar jakez” aldarrikatu dau EAJko politikariak. Arantzelak jarteko aukerea ez dau baztertu Izaskun Bilbaok.

Gaza

Gazan gertatzen dabilena salatu dabe Europako Legebiltzarrean baina 27 herrialdeak ordezkatzen dauzen Europako Kontseiluan Netanyahuren erabagiak modu zorrotz baten txarresteko adostasunik ez dagoala esan deusku EAJko eurolegiltzarkideak. “Guk Hegoafrikak egindako eskerea sinatu dogu, Israel egunero dabil hilketak eragiten, onartezina da, Israeli presino handiagoa egin behar jako” adierazo dau Izaskun Bilbaok.

Puigdemont

PPk, azken sasoian, Bruselara Amnistia Legea eta beste gai asko eroan dauz. Bilbaoren eretxian estadu bateko barruko gatazkak Europako erakundeetara eroatea txarto ikusita dago Bruselan. “Feijook Puigdemonti buruz asteburuan esandakoagaz argi izten dau gatazka politiko bat egon dala eta hori konpontzeko alkarrizketea behar dala” adierazo dau politikari bermeotarrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular