Athleticeko presidentearen eretxiz, Ernesto Valverdek igaz baino jokalari talde indartsuagoa dauka denporaldiari aurre egiteko

Emakumezkoen taldea indartzeko klubak egindako apostua azpimarratu dau Mikel Gonzalezek, klubeko kirol zuzendari nagusiak

Jon Uriarte: “Europarako sailkatzea da helburua aurten be”

Jon Uriarte eta Mikel Gonzalez hedabideen aurrean agertu ziran atzo Lezaman / Athletic Club

Jon Uriarte, Athleticeko presidentea eta Mikel Gonzalez, futbol zuzendaria, agertu dira gaur komunikabideen aurrean, lehiaketearen hasierearen balorazino bat egiteko eta denporaldirako helburuak zehazteko. Uriartek argi eta garbi esan dau gizonezkoen lehen mailako taldearen helburua Europarako sailkatzea dala. Aurreko urtean be gauza bera esan eban, Ernesto Valverde entrenatzailea eta Iker Muniain kapitainagaz batera egindako agerraldian. Athleticeko presidenteak dino badakiela gatxa izango dala helburu hori betetea. Izan be, Athletic ez da Europako lehiaketetan parte hartzeko sailkatu azken sei denporaldietan.

Athleticek fitxaketa bi baino ez dauz egin udako merkatuan: Iñigo Ruiz de Galarreta eta Javier Marton. Azken honek itxita jokatuko dau Mirandesen eta talde zuri-gorriak neguko merkatuan jokalaria berreskuratzeko aukerea dauka. Horregaz batera, Beñat Prados, Asier Villalibre, Imanol Garcia de Albeniz eta Peru Nolaskoain itzuli dira aurreko denporaldian itxita jokatu ostean. Villalibrek Alavesen jokatu eban igaz eta Mikel Gonzalezek esan dau lagapena oso positiboa izan dala eta jokalari barri bat itzuli dala Athleticera.

Iñigo Martinezek taldea itxi ostean, atzealdeko atal hori indartzeko ahalegina egin dabe Athleticeko arduradunek. Antza, Aymeric Laporte Bilbora etorteko zorian egon da baina azkenean Manchester Cityk Arabiako ligako talde batera saltzea erabagi eban. Txapeldunen Ligea jokatzen dauen talde bateko atzelari bateri be eskeintzea egin deutsoe Athleticera etorri daiten baina atzealdeko erdialdean zein hegalean jokatu leiken jokalari horrek gurago izan dau bere taldean jarraitu. Edozelan be, Uriartek eta Gonzalezek uste dabe Ernesto Valverdek igaz baino plantila indartsuagoa daukala bere aginduetara.

Emakumezkoen taldeari jagokonez, sei fitxaketa egin ditu Athleticek plantilea indartzeko. Nahikari Garcia goleatzaile donostiarra da fitxaketarik azpimarragarriena. Horregaz batera, entrenatzaile aldaketea be egon da emakumezkoen taldean. David Aznarrek hartu dau Iraia Iturregiren lekua. Jon Uriarte presidenteak esan dau, igaz Ligan lortutako hamargarren postua hobetzea dala denporaldirako helburua, sailkapeneko goiko aldera hurreratzea gatxa izango dala onartu arren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular