Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako VII.Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu dau

Inkesta Sozliolinguistikoak euskerearen egoerea eta bilakaerea aztertzen dauz

Miren Dobaran: “Beste jauzi bat egin behar dogu orain, erabileran eragin”

Inkesta Soziolinguistikoak euskerearen egoerea eta bilakaerea aztertzen dauz. Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko herritarren artean egiten da eta aldagai honeek jorratzen dauz: hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzearen transmisinoa, euskerearen erabilerea hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, eremu formaletan…) eta euskerearen sustapenari buruzko jarrerea. Bost urterik behin egiten da, eta lehenengoa 1991n egin zan. Hortaz, azken 30 urteetan euskarak izan dauan bilakaerea ezagutzeko aukerea emoten deusku VII. Inkesta Soziolinguistikoak.

Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztu eban Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Inkesta Soziolinguistikoa Donostian.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren txostenaren arabera, euskerearen ezagutzak gora egin dau 1991etik hona. 1991n 419.221 herritarrek ekien euskaraz eta 2021ean, 680.629k. Gizartearen herena (%36,2) da, beraz, euskalduna. Dana dala, azken horreetatik %44k erraztasun handiagoa dauka erdaraz berba egiteko. Euskaraz erdaraz baino errazago egiten dabenen kopuruak behera egin dau azken 30 urteetan. Horrezaz gain, EAEko herritarren %70ek euskerearen aldeko jarrera aktiboa daukie. Adibidez, %74,7k dino administrazinoan sartzeko euskera jakin beharko litzatekeela, eta %89,3ren eretxiz ume guztiek euskara ikasi beharko leukie.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeagaz aztertuko doguz Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak Lau Haizetara irratsaioan. Dobaran pozik azaldu da, batetik, euskerea gaztetu egin dalako (16 eta 24 urtekoen artean, 1991tik %25etik %75era igo da euskaldun kopurua) eta hori hizkuntza gitxitu baten bizibarritze prozesuan garrantzitsua dalako. Bestetik, gure gizarteak apostu sendoa egin dauala nabarmendu dau, euskerearen bizibarritze prozesuan era aktibo baten parte hartzeko apostu sendoa. Hizkuntza Politikako sailburuordeak gaineratu dau, orain ardurea, euskerearentzat esparru gehiago irabaztea eta erabileran eragitea dala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular