Hiru miloi eurotik gorako ondasuna dabenen aberastasuna zergapetuko dau Bizkaiko Ogasunak

Elkarrekin Bizkaiak, EAJk eta EH Bilduk zerga barri hau euki dabe berbagai goizeko tertulian

Ondasun handien ganeko zergaren bitartez 10 milioi euro batuko dira

Jesus Lekerikabeaskoa (EAJ), Iker Casanova (EH Bildu) eta Eneritz de Madariaga (Elkarrekin Bizkaia) / Bizkaia Irratia

BFAko Ogasun diputaduak Itsaso Berrojalbizek, asteon, urtea amaitu orduko Ondare Handien ganeko Zergea onartuko dala aurreratu eban. Gernikako batzar etxean esan dau dagoeneko urratsak emon dirala Bizkaian zerga  hori apliketako. Zerga hori aldi baterako da, bi urtekoa, eta ondarearen gaineko zergaren osagarria izango da.
Zerga hori Espainiako Gobernuak onartu eban 2022ko abenduan, eta, gero, Euskadiko Kontzertu Ekonomikoan sartu zan, araudi autonomoko zerga itundu modura. Hiru milioi eurotik gorako ondasuna dabenei eragingo deutse eta 10 milioi euro inguru batuko dira EAEn.

Gai horretaz euren eretxia emon deuskue gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeetako bozeroaleek. “Pertsona oso aberatsek diru apur bat emoteko zergea izango da eta hori baliatu behar da” zehaztu dau Iker Casanovak (EH Bildu). “Gure ustez aldi baterako zergea barik behin betiko zergea izan behar litzateke” azaldu dau Eneritz de Madariagak (Elkarrekin Bizkaia). “BFA ez da gai honegaz geldirik egon, Espainiako Gobernuak boletin ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik lanean dabil zerga horregaz” zehaztu dau Jesus Lekerikabeaskoa jeltzaleak.

BFAren legegintzaldi barria

Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak BFAko sailetako buruen aurrean legegintzaldi barrirako gida-lerroak aurkeztu ebazan, gaur beste horrenbeste egin dau BBNNetako talde politikoen aurrean. Proposamenen artean Bizkaia Berdea, krisi demografikoa, krisi klimatikoa, ekintzailetza, enplegua edo Urdaibaiko Guggenheim agertzen dira. Gai honeen inguruan aldeko eta kontrako eretxiak emon deuskuz “Goizeko Izarretan” saioko gaurko tertulian EAJ, Elkarrekin Bizkaia eta EH Bilduko ordezkariek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular