Aritz Erkiagak eta Jon Ibarluzeak Gernikako Winter Series torneoaren finala jokatuko dabe Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerikabeaskoaren aurka datorren otsailaren 18an Gernikako Jai Alai pelotalekuan. Erkiagak eta Ibarluzeak 2-0 irabazi eben finalaurrekoetako kanporaketea Jean Olharan eta Julen Del Rioren aurka. 15-11ko emaitzeagaz nagusitu ziran lehenengo jokoan eta 15-13koagaz bigarrengoan.
Bikote bizkaitarra lan bikaina egiten dabil Gernikako Winter Series torneoan. Moltzoko lehenengo postuan amaitu eben hasierako fasea eta finalean sartu dira finalaurrekoan jokorik galdu barik. Edozelan be, Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa dira faboritoak urteko torneo garrantzitsuenaren finala irabazteko. Ez dogu ahaztu behar, Zumaiako aurrelariaren azken partidua izango dala.
Aritz Erkiagagaz eta Jon Ibarluzeagaz egin dogu berba Jokoan kirol tartean. Pozik dagoz finalerako sailkapena lortu dabelako eta garbi daukie aurkariak dirala faboritoak txapelak eskuratzeko. Faborito izatearen zamea bizkar ganetik kenduta, finalean presino barik kantxaratu dirala esan deuskue.