Bulego taldeak asteon emongo deutso amaierea birari Bilboko Kafe Antzokian

Urtea amaitu orduko, Bulegok 'Aldatu aurretik' bigarren diskoa kaleratuko dau

Tomas Lizarazu: “Kontzertuetan gure musikatik harago joaten saiatzen gara”

Azkoitian (Gipuzkoa) sortu zan Bulego taldea 2019.urtean. Hiru urte eskasean talde azkoitiarra euskal eszenako talderik garrantzitsuenetako bat bihurtu da, pop estiloari esker. Tomas Lizarazu (abotsa), Xabier Arrieta (bateria) eta Ruben Lizarralde (gitarra) musikariek osotuten dabe taldea. 2020.urtean EP bi kaleratu ebezan, eta 2021ean Erdian oraina debuteko disko luzea.

Asteon emongo deutse amaierea bireari hitzordu bikotxagaz Bilboko Kafe Antzokian: urriaren 19an eta 20an. Azken horretarako sarrerak aspaldi agortuta dagoz, eta 19rako sarrera gitxi batzuk geratzen dira. Tomas Lizarazuk aurreratu deuskunez, kontzertu oso bereziak izango dira azkenengo biak. Gogotsu dagoz Bulego taldekoak. “Egun hauek luzez oroituko doguzan egunak izango dira, bai eguena, bai barikua” gaineratu dau taldeko abeslariak.

Bira amaierearen ostean, Bulego hirukoteak bigarren lan luzea kaleratuko dau. Abenduaren 4an izango dogu eskuartean Aldatu aurretik izeneko disko barria, Panda Artist agentziaren zigilupean. Lan honek ziklo barri bat zabalduko dau taldearentzat. Lizarazuren esanetan, estilo pertsonal eta intimistago baten morgildu dira. “Gauza barri bat erakustera goaz, kantuak barru-barrutik sortuta dagoz eta zalantza barik gure diskorik helduena izango da”. Emaitzagaz oso pozik dagoz Bulegoko kideak eta taldearen ibilbidean inflexino puntua izango dala uste dabe.

Zure begi horiek singlea sareratu dabe lan barriaren aurrerapen lez. Bideoklipa be ikusgai dago YouTuben.

Aurretik, urriaren 28an, Bulego taldea BECen izango da Fair Saturday fundazinoak sustatutako Ura Bere Bidean ekimenean parte hartzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular