Build a Future GKE-ak Ugandan lan egiten dau, besteak beste, ahalik eta ume gehien eskolaratu ahal izateko

Hiru bizkaitarrek 2021eko abenduan sortu eben alkartea, Ugandako Wakiso inguruan eskola eta umezurtz etxe bat hauspotzen laguntzeko

Ugandan bi milioi umezurtz inguru dagoz gaur egun

Gaizka Cabrejas, Iker Esteban eta Igor Delgado bizkaitarrek orain urtebete sortu eben Build a Future gobernuz kanpoko erakundea. 2021eko udan Cabrejas eta Esteban Ugandan egon ziran, Bilboko Saluganda GKE-gaz boluntario moduan lan egitera. Besteak beste, Wakiso herriko hezkuntza zentro bat ezagutu eben. Zentroak zailtasunak eukazan aurrera egiteko eta lagun biek proiektu hori hauspotzea erabagi eben. Afrikatik bueltan, Build a Future gobernuz kanpoko erakundea sortzea erabagi eben, Igor Delgadogaz batera. Gaur egun 70 laguntzailek eta bazkidek osotuten dabe Build a Future.

Ugandan, Wakiso herrian, Equinox Junior eskolea eta umezurtz etxean eskaintzen dabe laguntzea. 90 ikasle dagoz eskola honetan eta euretatik 30 umezurtzak dira. Helburua, eskolak daukazan gabeziak konpontzeko baliabideak lortzea da. Orain arte ikasgelak erabarritu dabez, liburu barriak erosi dabez, boluntarioek emondako eskola eta kirol materiala banatu dabez… Edateko ur hornidurea bermatzeko ura biltzeko deposito bat be jarri dabe.

Eneko Astigarraga GKE-ko laguntzaileak azaldu deuskunez, Ugandako gobernuak ez dau hezkuntza publikoan inbertiduten eta proiektu pribaduek bakarrik funtzionetan dabe. Ganera Ugandan gaur egun bi milioi umezurtz dagoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular