
Unicef erakundeak gogoratu dau txertoen bitartez prebenidu daitekezan gaixotasunek gorantz egin dabela. Immunizazinoaren Astea ospatzen dau Unicef erakundeak apirilaren 24tik 30era bitartean. Honen barruan, Unicefek, Osasunaren Munduko Erakundeak eta Gavi erakundeak ohartarazpen garrantzitsua emon dabe. Umeen txertaketea eteten bada, gaixotasun batzuk gorantz egingo dabe. Maider Gabilondo Unicef erakundeko Nafarroako koordinatzaileak esan deuskunez, 2023. urtean munduko hamalau miloi ta erdi ume ez ziran txertatu. Azken urteetan, elgorria edo meningitis moduko gaixotasun kasuek gorantz egin dabe. Kontrolpean egozan beste gaixotasun batzuk berpiztu leitekezala gogoratu dabe. Kontua da, herrialde askotan gastu militarra gehitzea erabagi dala. Honek, garapen fondoetarako bideratzen zan laguntzea murriztea ekarri dau. AEBtan, barriz, Donald Trump presidenteak Osasunaren Munduko Erakundeari emoten eutsen laguntzea bertan behera iztea agindu eban. Unicef erakundetik gogoratu dabenez, beti geratzen dira ume batzuk txertatu barik, batez be, gatazkak dagozan herrialdetan. Gaza, Mauritania edo Sudan aipatu dauz Gabilondok. Unicefen arabera, txertaketan erabiltzen dan dolar bakotxeko 50 dolarreko itzulerea dago. Gogoratu behar da milaka lagun batera gaixotzen badira, osasun sistemak ez dagozala egoera horreri erantzuteko moduan.