Herriz Herri saioan, Xabi Aburruzaga trikitilariagaz egin dogu berba. Santa Clara kultur etxean egon gara

Xabi Aburruzaga musikaria zazpigarren diskoa prestatzen dabil. Portugaleten hasi zan dana, bere esanetan

Xabi Aburruzaga: “Portugalete ametsen sorlekua da”

Xabi Aburruzaga, Portugaleten / Bizkaia Irratia

Xabi Aburruzaga trikitilaria zazpigarren diskoa prestatzen dabil. Sorkutza lanean dabil. Diskoa sasoia heltzen danean atarako dauela esan deusku Herriz Herri saioan. Indabak lapikoan lez, geldi-geldi egiten dau lan. Bere diskoak diranean. Enkarguz be egiten dau behar, eta, orduan, bizkorrago ibili behar dau. Musika bizkorra eta musika geldia izan leitekez ‘fast food’egaz eta ‘slow food’egaz parekatu ezkero.

Portugaleten jaio zan Aburruzaga, 1978an. Zazpi urte eukazala hasi zan musika eskolan. Sasoi batetik hona, Santa Clara kultur etxean dago musika eskolea. Herriz Herri saioa bertatik egin dogu. Euskaldun Berri aretoko agertokian egon gara. Aburruzaga be bertan, txikitan lez. Izan be, musika eskolako ikasle zala, ekitaldi ugaritan jo eban han. Orduan, gurasoak, senideak eta lagunak izaten ziran entzuleen artean.

Trikitixara Rufino Arrola trikitilariaren bidez hurreratu zan. Aitaren laguna zan. Portugaleten, kalerik kale ikusi, eta liluratuta geratzen zan Xabi txikia. Dana hasi zan hantxe, Portugaleten. Bere ametsen sorlekua dala esan deusku. Arrola zer dan itaunduta, gaur egun dagoen lekuan beragaitik dagoela gaineratu dau.

‘Bizkaiko Trikitixa’ izan zan Aburruzagaren lehen lana. Seigarrena, ‘Aurrez Aurre’. Bien bitartean, 2005 eta 2021 bitartean, beste lau lan argitaratu zituan (‘Denboraren naufrago’, ‘Geure’, ‘Keltik’ eta ‘Bost’). Aldi horretan bere bidea topau dauela esan deusku. Azken hiru lanetan bere markea  lortu dauela. Orain, zazpigarren diskoa prestatzen dabil.

Beste hainbat lan egiten be badabil Xabi Aburruzaga. Aitzina Folk jaialdirako doinua oraintxe atara dau labatik. Laster izango dogu horren barri. Partitura liburua prestatzen be badabil. Bizkaiko trikitixari buruzko partitura koadernoa egin eban ibilbidearen hasieran. Orain, bere hainbat kanturen partiturak batuko ditu hurrengo liburuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular