Zapatuan ermiten martxea Zeanurin

Irailaren 2an Zeanurin zehar sakabanatuta dagozan ermita eta baseleizak ezagutzeko aukerea egongo da

Zapatuan ermiten martxea Zeanurin

Zapatu honetan, irailaren 2an izango da Zeanuriko Ermiten Mendi Martxea. Aurten, XXXIV. urtea beteko dau klasiko bihurtu dan oinezko martxeak, pandemian garaian izan ezik, Joko Alai Alkarteko mendi sailak atondutako urteroko hitzordua. Helburuak honexek dira: zapatu goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez igarotea eta herritarrei zein kanpotarrei Zeanuriko inguru zabalak eta ermiten ondarea ezagutzera emotea. Ez dira gitxi, izan be, herri horretan sakabanaturik dagozan ermita edota baseleizak, guztira hogei dira.

Izena emotea goizeko 07:00retatik aurrera zabalik egongo da herriko plazan eta urteera 07:30ean izango da; ibilbide osoa egiten dabenek 35 bat kilometro beteko ditue. Plazan hasi eta San Isidro ondotik igaroko dira parte- hartzaileak eta hemeretzi ermita edota baseleizearen ondotik igaroko dira, aurten be Egiriñako (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpo geratuko da eta. Umeek edota maila fisikoan prest ez dagozanek beste ibilbide biren artean aukeratu ahal izango dabe: bata, ibilbide ertaina, 25 kilometrokoa eta bestea, laburra, 13 kilometrokoa. Amaitzerakoan, edozein ibilbide bete eta gero, seguru merezidu izango eutsiela ibiltariei, Zeanuriko ondare erlijiosoa ezagutzeaz gain, sasoi honetan natureak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozetako aukera ezinhobea eskeiniko deutsielako Zeanuriko Ermiten XXXIV. Mendiko Martxeak. Gorka Pereda izan dogu Lau Haizetara saioan, Joko Alai Alkarteko Mendi saliaren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular