Larrabetzun Emakumeen Udako txapelketea aurkeztu dabe

Domekan, Barakaldon, emakumezko pilotaririk onenak bilduko dauzan txapelketea hasiko da
Udako txapelketearen aurkezpena Larrabetzun / Emakume Master Cup

Atzo Larrabetzun Emakume Masters Cupeko udako txapelketea aurkeztu zan. Domeka honetan bertan, Barakaldon, emakumezkoen pilotaririk azpimarragarrienak bilduko dauzan txapelketea hasiko da. Irailaren 29an Hondarribiko Jostaldin jokatuko dan finalaren aurretik, torneoak Euskal Herriko kantxarik garrantzitsuenetako batzuk bisitatuko dauz; Barakaldo, Gasteiz zita bikoitzarekin – garagarrilaren 25a eta abuztuaren 6a – Zarautz (abuztuaren 18a), Donostia (abuztuaren 19a), Bakio (abuztuaren 30a), Lezo (irailaren 4a) eta finalerdiak hartuko dauzan Galdakao (irailaren 13an).

Iaz Amaia Aldaik eta Andrea Capellanek txapelak jantzi ebezan txapelketea honetako aurtengo edizinoan bost bikote arituko dira lehian: Arraiza-Mendizabal, Aldai-Oses, Etxegarai-Gaminde, Arrizabalaga-Leire Galeano eta Garai-Capellan. Lehen fasean bikote guztiak elkarren aurka jokatuko dabe ligaxka eran eta ligaxka horretatik irtengo dira Galdakaoko finalerdiak jokatuko dabezan bikoteen izenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular