Mallabiko pelotariak pronostiko guztiak apurtu dauz Altunari irabazita buruz buruko txapelketako finalean

Urte biribila egin dau: hirugarren lau ta erdikoan, txapeldun binaka eta irabazle txapelketa garrantzitsuenean

Elordi, mugarik bako pelotaria

Aitor Elordik Dario eta Jokin Altuna menderatu ditu, besteak beste, buruz burukoan / Aspepelota

Aitor Elordi dogu buruz buruko txapeldun barria finalean Jokin Altuna menderatu ostean 22-18ko emaitzeagaz. Amezketarra zan faborito nagusia garaipena eskuratzeko eta aurretik joan zan markagailuan partiduaren erdialdera arte. 12-8 galtzen joan arren, Mallabiko pelotariak ez eban amore eman eta irauli egin eban markagailua hogeta bigarren tantora heldu arte. Ordura arteko estrategia baztertu eta erasora jokatu eban tantoa amaitzeko. Esan beharrik ez dago asmatu egin ebala.

Urte biribila egin dau Aitor Elordik. Hirugarren postuan amaitu eban lau ta erdiko txapelketea, irabazi egin eban binakako txapelketea Jose Javier Zabaletagaz batera eta buruz buruko txapelketa nagusiko txapela jantzi dau, Mikel Urrutikoetxea, Danel Elezkano, Unai Laso, Dario eta Jokin Altunari irabazita. Ezin jako gehiago eskatu. Aurreikuspen guztiak apurtu dauz pelotari bizkaitarrak.

Pelotearen gailurrera iristea urte askoko lanaren fruitua dala esan dau Aitor Elordik eta elitean jarraitu gura dauela. Ez da erreza izango, baina Mallabiarrak argi eta garbi erakutsi dau edozein aurkariri aurre egin eta irabazteko gauza dala.

Azken hilabeteetan garrantzi handiko partidu ugari jokatu ostean, oporraldi txiki bat eukiko dau udako denporaldiari ekin aurretik. Aitor Elordi txapelduna ikusi gurako dabe Euskal Herriko herri guztietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular