Arrizabalaga-Galeanok eta Aldai-Osesek jokatuko dabe Udako Master LK txapelketako finala

Galdakaoko finalerdietan irabazi ostean finalerako txartela lortu dabe
Udako Emakume Master Cupeko finalistak / Emakume Master Cup

Galdakaoko Kurtzea pelotalekuko harmailetan giro itzela egon zan Udako Master LABORAL KUTXAko bi finalisten izenak eta bi partidu handiren ostean, lehiatuak eta ikusgarriak suertatu dira biak, ArrizabalagaGaleanok eta AldaiOsesek jokatuko dabe irailaren 29an Hondarribian izango dan final handia. Beste behin, bi aurrelari bizkaitarrak, egungo erreferentzia nagusiak, txapelen lehian ariko dira, baina nabarmentzekoa da, era berean, honeeen alboan, sortzen ari dan kalidadeko atzelarien multzoa. Oraingo honetan Leire Galeano antzuolarrak eta Maddalen Oses oñatiarrak lagunduta ariko dira, egindako lan bikainaren sari lez.

Aurreko domekan gizonezko pelotariek ikuskizun ederra eskaini eben pelotalekuan, emakumeak ez dira gaur atzean geratu eta lehia ikusgarriak eskaini dabez. Lehendabiziko finalerdian laurek erabili eben erritmoa izan zan ezaugarririk nabarmenena, pelota abiadura ederrean mugitu eben, tanto oso onak jokatuz. Lan horietan ohituagoa eta atzean Galeanoren laguntza ederragaz Olatz Arrizabalaga izan da erritmo itogarri horretan erosoen aritu dan pilotaria. Azkenerako, partidu ona jokatu daben Garai eta Capellani luzea egin jake partidua eta amore emon behar izan dabe (22-19).

Antzeko emaitza batek emon deutsie Aldai-Osesi finalerako bigarren txartela, 22-18 gailendu jakelako Etxegarai eta Gaminderi. Lehen partiduan bezala Amaia Aldai izan da, pelotari beste martxa bat sartuta, lehia bere aldera hautsi dauana. Dimako pelotariak erraz amaitu dauz tantoak eta Osesek be berme handia emon deutso atzean. Etxegarai eta Gaminde finaletik urrats bakarrera geratu dira eta ezin izan etxera pozik itzuli, baina egindako lanarekin oso harro egoteko moduan dira, izan be, uda honetan beren mailan sekulako aurrerapausoa emon dabe eta etorkizun hurbilean oso kontuan izateko pelotariak dirala berretsi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular